XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alamu

Pigmeo ttikia

Garai hartan, kolore bakar bat baizik ez zen munduan, hau da, grisa.

Gauza guziak grisak ziren: lurra, itsasoa, zerua, landareak, animaliak eta gizakiak ere bai.

Txoriek ez zuten kantatzen grisak zirelako.

Errekek arrabots itsusiak egiten zituzten grisak zirelako.

Gizakiak triste ziren grisak zirelako.

Baina ez ziren horretaz konturatzen ere, beste koloreak ezagutzen ez zituztelako.

Afrikaren erdi-erdian, beste kolorerik bazela sinesten zuen bakarra Alamu Pigmeo ttikia zen.

Oroimen harrigarria zuen.

Behin ikusi edo entzun zuena ez zuen inoiz ahantziko.

Bere amaren sabelean iragan zuen denboraz oroitzen zen.

Barneko zarata, bihotz-taupadak eta tutuen burbuila gogoratzen zituen.

Amaren sabelean, ezer ez zen grisa...

Koloreak bero-beroak ziren hala nola laranja, gorria eta horia...

Zain urdin batzuk ere baziren.

Egun batez, Alamuk galdetu zion aztiari:

- Non dira munduko koloreak?

Aztiak hauxe erantzun zion:

- Munduak kolore bat baizik ez du: grisa... eta gizakiek bi begi baizik ez dute.

Zer gehiago nahi duzu?